Punta Begoña inguruan zenbait egitura muntatzen aritu ostean, gaur goizean bukatu dute galerien areto nagusiaren azpiko gunera (Ereaga hondartzaren parean) seguru eta erraz igarotzeko aukera emango duen sarbidea. Gainera, gunearen barruan 20 metroko luzerako arrapala bat instalatu dute, eremu berri horretara iritsi ahal izateko. 2017an hainbat lan egingo dituzte eraikinean, irisgarritasuna hobetzeko, guneak gehiago erabili ahal izateko eta galerietako elementuen hondatze prozesua geldiarazteko, eta arrapalaren instalazioa, hain zuzen ere, lanon barruan sartzen da.

Sarbide berria zurez egin dute, galerietan duela zenbait urtetatik dauden eskaileren egituraren estetikari jarraituz. Modu horretan, eraikinarekin bat datorren izaera propioa eman nahi izan diote guneari, baliabide material eta bitarteko ahalik eta gutxiena erabilita.

Arrapala berri horri esker, UPV/EHUko ikertaldeak gune horretara sartu ahal izango dira aretoaren forjatua eta zimenduak nola dauden aztertzera. Denborarekin, areto nagusiaren azpiko leku hori galerietako aurkikuntzak eta jarduerak azaltzeko erakustoki gisa erabiliko da.