Punta Begoña Galerien ondare balioa eta egungo degradazioa ikusirik, Getxoko Udalak eta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) galeriak leheneratzeko eta balioan jartzeko proiektu bati ekin diogu.

Proiektua ikerketa historiko eta zientifikoan oinarrituta dago eta epe luzerako da, eta helburu du galeriak leheneratzea, batetik, eta galeriei balioa eman eta baliabide bizi bilakatzea, bestetik. Gainera, ondarea lehengoratzeko lan honetan herritarrek ere parte hartzea nahi dugu: galeriak herriaren memoria erakusteko eta inpaktu kulturala, ekonomikoa eta soziala sortzeko eragile izan daitezela.

Getxoko Udalak eta UPV/EHUk zuzentzen dugu proiektu hau, 2014ko urrian sinatu genuen hitzarmen bati jarraikiz, eta Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak ere laguntzen digute.