Proiektuaren lehen fasean, 2013tik 2015era, honako lan ildo hauei jarraitu diegu.
Ikerketa kimikoa
Ikerlerro honetan, batik bat galerietako materialen patologiak aztertu ditugu, akatsak konpontzeko asmoz. Horretarako, jatorrizko materialak karakterizatu ditugu: erabilitako zementu motak, hormigoi armatuaren ezaugarriak, barneko hormetako mortero motak, geruza askoko fatxadak eta fatxada apaingarriak.
Gainera, ingurumen inpaktuak eragindako degradazioak aztertu ditugu: besteak beste, aglutinatzaileen aurkako erasoak morteroan eragindako galerak; nitratoz betetako uren jarioak sortutako biopatinak; fatxaden gainaldean pilatutako zarakar beltzak; eta gas azidoek materialei egindako erasoa.
Azkenik, zeramikak eta haien patologiak ikertu ditugu: zeramika apaingarrien ezaugarriak (nondik datoz?); grafitiek eta patina atmosferikoek zeramiketan izandako eragina; eta grafitiak garbitzeko aukerak.
Ikerketa geoteknikoa
Galerien eraikina labar baten gainean eraikita dago, eta ezinbestekoa da elkarri nola eragiten dioten jakitea. Labarra mugitzen al da? Haren mugimenduek ba al dute eraginik galerien egonkortasunean? Hori jakiteko, labarraren mugimenduak etengabe erregistratzen dituen sistema bat eta deformazioak neurtzeko aparatuak ipini ditugu. Horrez gain, estazio geomekanikoak jarri ditugu, eta labarra osatzen duten materialen geomekanika karakterizatu. Azkenik, laginak hartu ditugu egitura egoki zimendatuta dagoen egiaztatzeko.
Ikerketa hidrogeologikoa
Proiektu honen erronka handietako bat inguruko urak galeriei nola eragiten dien ulertzea da. Hori helburu, kontrol etengabeko sare piezometriko bat (putzuak) ezarri dugu, urak eraikinean eta eraikinaren inguruan nola jokatzen duen jakiteko. Horrez gain, aldian behin sakonera desberdinetako lur azpiko uraren laginak hartzen ditugu, karakterizazio kimikoa egiteko.
Ikerketa geologikoa
Flyscha edo labarreko haitzak osatzen dituzten materialak ikertzen hasi gara. Materialak karakterizatu edo identifikatuta, eta materialen adina jakiteko datazioei esker, Kretazeoaren eta Paleogenoaren arteko muga dagoen sektorea lokalizatu ahal izan dugu (garai hartan desagertu ziren dinosauroak). Gainera, egongelako arroka apaingarriak katalogatu ditugu, eta eraikina altxatzeko erabili ziren materialak ikertzen hasi gara. Eta, georradarraren bidez, ikusten ez diren lurpeko egiturak ikertu ahal izan ditugu, eta interes goreneko guneetako hormigoizko armadurak non eta nola dauden ikusi dugu.
Ikerketa historikoa
Askotariko artxibo funtsak ikertu eta baliatu ditugu, garai hartan galeriak nola eraiki ziren aztertu ahal izateko ikuspuntu historikoan, sozialean, ekonomikoan, politikoan, hirigintzakoan eta arkitektonikoan oinarrituta. Informazio hori oso baliagarria da egongelako aztarna ikonografikoak interpretatzeko eta galeriak eraikitzeko faseak identifikatzeko. Lan ildo honi esker, galeriekin lotutako plano eta agiriak dokumentatzeko eta katalogatzeko zentro bat sortu dugu, eta laster herritarren eskura jarriko dugu.
Ikerketa arkeologikoa
Ikerketa arkeologiko eta historikoen bidez, galeriak fase batean baino gehiagotan eraiki zirela jakin dugu. Artxiboen eta agiri grafikoen azterlanek, zundaketek eta indusketa arkeologikoek bide eman digute fase horiei eta aurretik existitu ziren eraikuntzei buruzko informazio gehiago lortzeko. Horri esker, eraikinari ez ezik, lekuari berari ere balioa eman diezaiokegu.
Ikerketa arkitektonikoa
Proiektuaren helburu nagusietako bat galeriei eusten dien egitura nola dagoen jakitea izan da. Hori dela eta, eraikinaren egiturazko sistemak zenbateko sostengu ahalmena duen deskribatu eta ebaluatu dugu, mapaketa eginda, kalteak aztertuta eta kalkulu informatikorako hiru dimentsioko eredua eginda.
Memoria jasotzea
Nolakoa zen galerien inguruko bizitza? Zertarako erabiltzen ziren? Zer-nolako eragina izan zuten ingurunean? Zenbait galderari herritarren testigantzekin baino ezin diegu erantzun. Hala, Punta Begoñaren inguruko gizarte sare bat identifikatzea eta haien testigantzak biltzea izan da proiektuaren lehen faseko ikerlerro garrantzitsuetako bat. Lan hori egiteko, memoria material eta immaterialari buruzko UNESCOren gidalerroetan oinarrituta osaturiko protokoloei jarraitu diegu. Horri guztiari esker, Punta Begoña Galeriekin eta haien ingurunearekin lotutako memoria immaterial eta materialaren zentroa sortu dugu.
Ikerketa ekonomikoa
Proiektua kudeatzeko eredu eta figura juridiko egokiak aztertu eta proposatu ditugu. Gainera, galeriak atzera erabilgarri jartzeak nolako inpaktu soziala eta ekonomikoa duen aztertzeko analisi plan bat garatu dugu. Azkenik, kanpoko funtsak eskuratzeko laguntza eta diru laguntzen jarraipena eta kudeaketa gauzatu dugu.



