
Esan daiteke Punta Begoña Galeriak Horacio Echevarrietaren ametsa direla. Horacio Echevarrieta (1870-1963) Cosme Echevarrieta Bizkaiko errepublikanismoaren lider eta enpresari arrakastatsuaren (1842-1903) semea izan zen. Negozioek ematen zizkioten irabaziekin, Horacioren aitak Atxekolandetako orubea erosi zuen Punta Begoñan, besteak beste. Orube hark erabilera militarra zuen aurretik, eta, urteak igaro eta kostaldea poliki-poliki urbanizatuz joan ahala, uda pasatzeko eta orduan ospe handia hartzen hasi ziren itsasoko bainuez gozatzeko leku bilakatu zen.
Garai hartan, galerien ingurunea hareatza handi bat zen, eta ia-ia Portugaleteraino eta Santurtziraino (Bizkaia) iristen zen. Gaur egungoaren aldean oso bestelakoa zen, orduan ez baitzegoen oraingo kaietako bat ere. Gerora, baina, itsasadarraren ezkerraldeko burdin ustiategien ondorioz sortu zen industrializazioari eta hara emigratu zuten pertsonei esker, Abrako itsasadarra Bilbo metropoliko eta Bilborekin lotutako hirietako merkataritza zabaltzeko ate bihurtu zen. Bestalde, eskuinaldean, Getxon bereziki, luxuzko etxebizitzak altxatu ziren orduko enpresari handienentzat.