Ikerketa eta garapen zientifiko eta teknologikoa: galerien egoera aztertzen dugu, eta, lortutako datuetan oinarrituta, dagozkion diagnostikoak egiten ditugu. Informazio horri esker, galeriei balioa emateko behar diren lanak abiarazi ahal ditugu.
Prestakuntza: galeriak baliagarri zaizkigu graduko eta graduondoko ikasleei irakasteko. Eraikina UPV/EHUko zenbait gradu eta masterretako eskolak emateko erabiltzen dugu, baita master amaierako lanak eta doktorego tesiak egiteko gai gisa ere. Galeriei buruzko master amaierako zazpi lan ditugu eginak, eta bost doktorego tesi martxan.
Zabalkundea: garrantzi handiko proiektua denez, gizarteari kontu eman behar dio. Ildo horretatik, gure ikerlanen emaitzak zabaltzeko eta galeriei balioa ematearen inguruan sentsibilizatzeko jarduerak eta ekitaldiak antolatzen ditugu (jardunaldiak, mintegiak, solasaldiak, etab.).
Gizartearenganako transferentzia: galeriak biziberritzeko proiektuan ikasitako guztiarekin, etorkizunean arazoak konpontzeko baliabideak lortzen ari gara, galerietan bertan nahiz XX. mendearen lehen laurdenean eraikitako hiri guztietako zabalguneetan aplikatzeko.
Sozializazioa: ikerketa lanekin bat, lanok sozializatzen hasi gara. Pixkanaka mamitzen ari dira herritarrek galeriak erabiltzeko aukerak, eta, horri esker, eraikin enblematiko hau nortasuna sortzeko leku horietako bat izango da. Hori dela eta, gero eta ekitaldi eta jarduera gehiago antolatzen dira bertan: erakusketak, argazki bildumak, dibulgazio jardunaldiak… Orain arteko jarduerarik garrantzitsuena bisita gidatuak dira. Galerietan zehar ibilita, bertatik bertara ikus daiteke galerien egungo egoera, eta galeriei balioa emateko planen berri izan. 2016. urtean, 5.500 pertsona inguru igaro dira galerietatik.

