Badakigu Punta Begoñako gela nagusiak larru berdezko besaulkiak eta tximinia bat zituela eta erdian billar mahai bat zegoela. Ez zen dantza areto bat, aisiarako areto bat baizik. 1990eko argazki bat baino ez dago aretoarena, eta horrek are gehiago indartzen du leku hura Horacio Echevarrietak soilik eta ia isilpean erabiltzen zuela dioen ustea.
Galerien ezaugarrietako beste bat erabilitako materialen kalitatea da eta areto nagusia horren adibide garbia da. Han, bost harri apaingarri identifikatu ditugu, zein baino zein deigarriagoa: Carrarako (Italia) marmol grisa, Gautegizko (Bizkaia) kareharri gorria edo Ereño gorria, Bearneko (Frantzia) marmol zainduna edo Yellow Benou, Carrarako (Italia) marmol zuria edo Bianco Venato eta Caceresko granitoa edo zafiro urdina.
Paretetako estaldurak gaur egun nahiko kaltetuta daude, baina arreta handiz egindakoak dira. Hainbat motatako morteroak (kuartzoa eta karbonatoa, hondartzako harea eta karea…) elkarren gainean jarrita daude geruzatan, eta hala igeltsuzko luzituak nola esgrafiatze eta sastakatze lan oso interesgarriak daude eginda.
Punta Begoñako zeramikak ere bereizgarri nabarmenak dira. Baliteke zenbaiti ezagun egitea, antzeko diseinuak baitaude Bizkaiko beste toki enblematiko batzuetan; besteak beste, Bilboko Café Iruñan eta Casilda parkean. UPV/EHUk zeramika horiek aztertu ditu, haien ezaugarriak eta jatorria identifikatzeko. Izan ere, denboraren joanak, kutsadurak eta bandalismoak kalte egin diete, eta zeramika batzuk berritu eta beste batzuk aldatu beharko lirateke. Bada, azterlan horretan, deskubritu dugu zeramika gehienak Sevillako José Mensaque zeramika fabrikari erosi zitzaizkiola, zeina aktibo egon baita XVIII. mendearen hasieratik.


