Getxoko Udalak eta UPV/EHUk zuzentzen dugu Punta Begoña Galeriei balioa emateko proiektua. Proiektuaren helburu nagusia kultur ondarea defendatzea eta babestea da, eta, hain zuzen ondare hori sektore estrategiko garrantzitsua delako, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak ere esku hartzen dute lan honetan.

Getxoko Udala da eraikinaren titularra. Eraikina babes bereziko ondasun gisa sailkatuta dago Getxoko eremu bereziko monumentuen artetik (horrela dago jasota maiatzaren 22ko 89/2011 Dekretuan), eta, aitorpen hori dela eta, beharrezko neurriak hartu behar ditugu mehatxupean egon daitekeen ondare historiko honen ondasunak babesteko. Zeregin nagusi hauek ditugu: galeriei balioa emateko lana kudeatzea; proiektuak behar duen diru kopurua jartzea; eta azpiegiturak eta beste baliabide batzuk jartzea UPV/EHUk eta beste erakunde laguntzaile batzuek dagozkien lanak egin ahal izan ditzaten. 

Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) Punta Begoña Galeriei balioa emateko lanean planteatzen diren ekintzak zuzentzen eta aholkuak ematen aritzen da. Unibertsitateko bost ikertaldek lan egiten dugu eraikina leheneratzen, Getxoko Udalarekin koordinaturik. Denera, UPV/EHUko 70 bat ikertzailek geure ezagutzak aplikatzen ditugu, dagozkigun espezialitateetan oinarrituta: artearen historia, antropologia, arkeologia, arkitektura, fisika, geologia, historia, ingeniaritza, kimika…

Galeriak eraikitzean erabilitako materialak hondatu dituzten substantzia kaltegarrien eta degradazio konposatuen presentzia ikertzen dugu, eta aurkitutako arazoei aplika dakizkiekeen irtenbideak aztertzen ditugu.
Labarraren egonkortasun orokorra eta labarrak eraikinarekin duen erlazioa aztertzen dugu, egituraren zimenduak eta gerta litezkeen bultzadak ebaluatuz. Urak eraikinaren inguruan nola zirkulatzen duen ere aztertzen dugu, urak galerien egituran nolako eragina duen ikusteko eta babes neurri zuzentzaileak ezartzeko. Eraikitzeko materialetako petrolioa identifikatuz gero, eraikinaren jatorrizko material eta diseinuak errespetatu ahal izango ditugu, eta aurrekoekin bat etorriko diren morteroak eta hormigoiak sortu.
Eraikinari eusten dion egituraren egonkortasuna aztertzen dugu eta eraikina egonkortzeko neurriak diseinatzen ditugu. Eraikina altxatu zeneko garaia ikertzen dugu, eraikuntzaren faseak identifikatzeko eta kalteak hobeto ulertzeko. Era berean, hala leku horretako arkitektura arrastoak nola galeriek denborarekin izan dituzten erabilerak aztertzen ditugu, aurkituriko arrasto ikonografikoak hobeto interpretatzeko. Horrez gain, zeramikak ere ikertzen eta analizatzen ditugu, gero lehengoratu ahal izateko. Azkenik, eraikinaren inguruneari behatu eta paisaia ikertu eta analizatzen dugu, balioa emateko estrategiaren parte izan daitezkeen baliabideak identifikatzeko.

Proiektuan parte hartzeko prozesuak lantzen ditugu (Punta Begoñari lotutako memoria material eta immaterialaren erregistroa), eta eraikina zertarako erabil litekeen aztertzen dugu ikuspuntu sozioekonomikotik.

Punta Begoñako material zeramikoa lehengoratzeko azterlanak egiten ditugu. Izan ere, material hori kultura ondare gisa sailkatuta dago, eta, hortaz, babestu eta defendatu egin behar da, Euskal Autonomia Erkidegoko Ondare Legeak dioen moduan.