Punta Begoña Galeriak Getxoko Ereaga kaian daude, eta hala Bizkaiko nola Euskadiko XX. mendeko eraikinik garrantzitsuenetariko bat dira. Nabarmentzekoak dira galerien erabilera berezia, kokagune paregabea eta haietan erabilitako teknologia.

Ricardo Bastida arkitektoak diseinatu zituen galeriak, Horacio Echevarrieta industria magnateak 1918an aginduta. Harri jauzi batek ekarri zuen galeriak eraikitzeko erabakia, baina, harriei eusteko horma soil bat eraiki ordez, Echevarrietak zerbait gehiago egin nahi izan zuen han. Hala, Bastidaren laguntzarekin, eraikin enblematiko eta sinboliko bat eraiki nahi izan zuen, funtzio bereziak izango zituena, ingurunearekin bat egingo zuena eta… inor hotzepel utziko ez zuena. 1921erako, Punta Begoña Galeriak errealitate bihurtu ziren: gozamenerako, aisialdirako, behaketarako eta irudikapenerako gunea eraiki zuten, kanpotik ere behatua izan zedin.

Hiruzpalau metroko harresi bat nahikoa izango zen harri jauzien arazoa konpontzeko. Horacio jaunak, baina begi bistan eduki nahi zituen, batetik, Bilboko itsasadarreko ezkerraldeko burdin meatokiak, bere jabetzakoak; bestetik, itsasoa, handik ateratzen baitziren bere ontzi enpresako itsasontziak; eta, azkenik, Neguri osoa, bere lekurik gogokoena. 1933an, porrot egin eta bere ondarearen eta ondasunen zati bati uko egin behar izan zionean ere, esan zuen inoiz ez zuela Punta Begoña utziko.

Orain, galeriak degradaturik daude erabilera ezagatik, denboraren poderioz eta mantentze lanik egin ez delako. Galerien ondare balio nabarmena kontuan harturik, martxan jarri da Getxoko Punta Begoña Galeriei balioa emateko proiektua.