gaurkotasuna

"Egunero esperientzia bat"
Hasiera / Elkarbanatu / Gaurkotasuna

Paisaia mundu globalean nortasuna sortzeko elementu gisa aztertzeko jardunaldia egin dute Punta Begoñan

70 profesional baino gehiago daude gaur Getxoko Punta Begoña Galerietan, “Lurralde antolamendua eta globalizazioa: gure nortasunari eutsi al diezaiokegu?” jardunaldian. UPV/EHUko Kultur Paisaien eta Ondarearen UNESCO Katedrak eta Jakiundek, Zientzia Arte eta Letren Akademiak antolatu dute ekitaldia.

Jardunaldiari hasiera eman diote Koldo Iturbek, Getxoko Kultura, Euskara eta Gazteria zinegotzi eta alkateordeak; Izaskun Iriartek, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Administrazio eta Plangintzako, Ingurumeneko eta Lurralde Politikako sailburuordeak; Javier Echeverríak, Jakiundeko presidenteordeak eta Aitzol Lamikizek, UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko Kanpo Harremanetarako Zuzendariak.

Koldo Iturbek, Getxoko Kultura, Euskara eta Gazteria zinegotzi eta alkateordeak, galerietan gero eta ekitaldi gehiago antolatzen direla azpimarratu du: “espazio bizia dira, getxotarrak eta datozen bisitariak elkarrekin egoteko topaleku bilakatzen ari dira”. Gaurko ekitaldiaren inguruan Iturbek adierazi du ez dagoela Punta Begoñako galeriak baino leku hobeagorik gai honi heltzeko: “Izan ere, Ereaga hondartzaren alboan dagoen eraikin honek gure paisaia ordezkatzen du eta gure kulturaren eta nortasunaren zati bat da”.

Izaskun Iriartek, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Administrazio eta Plangintzako, Ingurumeneko eta Lurralde Politikako sailburuordeak azpimarratu du gaurko jardunaldiaren helburuetako bat paisairen izaera patrimoniala eta bere kudeaketa definitzea dela, eta baita ere esperientzia ezberdinak ezagutu eta konparatzea.

Irekiera instituzionalaren ondoren, Mónica Luengok, ICOMOS Monumentuen eta Leku Historiko-Artistikoen Nazioarteko Kontseiluko Kultur Paisaien Nazioarteko Zientzia Batzordeko kideak, kultur paisaiak gaur egun izaten ari diren bilakaera eta mehatxuak azalduko ditu “¿Migran también los paisajes? Espacios para el diálogo intercultural” solasaldian.

Gero, Javier Taksek, Uruguayko Errepublikako Unibertsitateko antropologo eta irakasleak, urak haren herrialdeko lurralde ikuspegietan eta kultur nortasunetan izan duen garrantziaz jardungo du “Agua, territorio e identidad cultural en Uruguay” izeneko hitzaldian.

Arratsaldean, berriz, José María Lunak, Picasso Fundazioko, Málagako Pompidou Zentroko eta Errusiako Museoko Kolekzioko zuzendariak hitzaldia emango du. Ondoren, paisaiari, kulturari eta nortasunari buruzko mahai inguru bat egingo da, Agustín Azkarate UPV/EHUko Kultur Paisaiak eta Ondarean UNESCO Katedraren zuzendariak moderatuta, eta han arituko dira Juan Manuel Madariaga, UPV/EHUko Kimikako katedraduna; Iñaki Antigüedad, UPV/EHUko Geodinamikako katedraduna; Ibone Ametzaga, Ekologian doktorea; José María Luna; Mónica Luengo eta Javier Taks.

Amaitzeko, BIA Bilboko Iubilo Abesbatzak kontzertua joko du, nortasunarekin, itsasoarekin eta emigrazioarekin zerikusia duten hiru kantuko errepertorio batekin.

Jardunaldi hau ‘Erronkak/Desafíos’ deituriko ekitaldien parte da. Jakiundek diseinatu ditu ekitaldi hauek Donostia / San Sebastián 2016, Europako Kultur Hiribururako, XXI. mendeko gizarteek aurrean dituzten erronka handiak aztertzeko, hitzaldi, mintegi eta eztabaidez osatutako hainbat jardunaldietan. Gaur egungo gizarteek aurrez aurre dituzten erronkak aztertzea eta horien inguruan hausnartzea da jardunaldien helburua, erronka horiei emandako erantzunek baldintzatuko dutelako gure etorkizuneko gizartearen ongizatea.

Ezagutu sarrera honekin lotutako gai gehiago
Galerietako zeramikak eta beren jatorria, Punta Begoñako bigarren erakusketan
Maiatzean Punta Begoñako apaindura-elementurik esanguratsu eta ezagunetako batera gerturatuko gara: galeriak estaltzen dituzten zeramiketara. Maiatzaren 4tik 30era, galeriak ezagutarazteko xedez...
Punta Begoña Galeriei buruzko erreportajea Teknopolisen
Teknopolis EITBko programak Punta Begoña Galerien garrantziari buruzko erreportaje zabala egin du otsailaren 26an eta 27an. Bertan azaldu zituzten proiektuaren...