Punta Begoña Fundazioa turismo-auditoria prozesu sakonaren ondoren akreditatutako euskal entitateen talde hautatuaren parte da.
Basquetour Turismoaren Euskal Agentziak abian jarri du Euskadiko turismoaren eraldaketa digitala eta jasangarria gidatzeko estrategia, eta nazioartean turismo adimendunaren erreferente gisa duen posizioa indartzeko. Horretarako, 2024an eta 2025ean auditoria-prozesu zorrotza garatu du, hautatutako entitateetan berrikuntzarekiko konpromisoak, irisgarritasun unibertsala, jasangarritasuna eta datuen erabilera adimenduna kontrastatzeko.
Hilabeteetan zehar, AENORek egiaztatu du proposatutako entitate bakoitzak nola betetzen zituen UNE 178510 Turismo Enpresa Adimenduna (TEA) arauaren atal guztiak. Arau horrek konpromiso horiek antolatzen ditu, eta, horrekin, baliabidearen eta lurraldearen lehiakortasuna hobetzea berematzen du, eta, batez ere, bisitariaren esperientziaren kalitatea.
Turismo adimenduna turismo-sustapen soiletik harago doan eredua da: teknologia eta berrikuntza txertatzen ditu, garapen iraunkorra bermatzeko datuen kudeaketatik, elkarlaneko gobernantzatik eta irisgarritasun unibertsaletik abiatuta.
Bere helburu praktikoenak dira bisitaria ingurunearekin integratzea eta helmugan duen esperientziaren kalitatea hobetzea, eta, aldi berean, bertako egoiliarraren bizi-kalitatea hobetzea.
Punta Begoña Galeriak berreskuratzeko proiektua ez da berez baliabide turistikoa, baina bere jardueraren ikuspegia bideratu du Munduko Turismo Erakundeak ezarritako turismo adimendunaren helburuak lortzera.
Proiektuaren webguneak (puntabegonagetxo.eus) denbora errealean transmititzen dizkio gizarteari bere aurrerapena, bilakaera eta lorpenak; eskainitako eta garatutako jarduerak; egindako azterlanak eta horien emaitzak; eta aurreikusitako eta osatutako plangintza, kudeaketa gardenaren eta eskuragarriaren erakusle. Informazio praktikoa eskaintzen du, baina baita historikoa, zientifikoa, artistikoa eta arkitektonikoa ere, bai eta bisita eta tresna birtual tridimentsional eta interaktiboak ere, bisitariaren esperientziaren kalitatea hobetzen dutenak, kalitate eta berezitasun handiko material didaktikoa eskaintzen dutenak eta jatorrian eta, pixkanaka, helmugan esperientzia irisgarria lortzen dutenak.
Behin bertan, monumentuak ikus-entzunezko birsortzeak biltzen ditu bere bisitan, non abangoardiako baliabide teknologikoak erabiltzen diren arkitektura, artea eta historia belaunaldi ezberdinei hurbiltzeko.
Tokiko publikoarekin eta bisitariekin duen gizarte-konpromisoa sendotzeko, Punta Begoña Fundazioak SGS International kanpo-aholkularitzaren esku utzi zuen proiektua ebaluatzea, Garapen Iraunkorreko Helburuak betetzeari dagokionez. Turismo adimendunarekin lotutako eremuetan, bere lanaren eraginkortasuna egiaztatu (eta azaldu) zen hainbat gaitan, hala nola ezagutzaren transferentzian, prestakuntzan, hiri bizigarriak sortzeko ekarpenean edo bisitariak erakarriz garapen ekonomiko-sozialari egindako ekarpenean.
Horrela, 2021ean eratu zenetik, Punta Begoña Fundazioaren faktore turistikoaren planteamenduak Turismoaren Mundu Erakundeak bermatutako irizpideei erantzuten die.
Izan ere, jatorrian gozatzeko erabiltzen den abangoardiako teknologiak, batez ere, «pantaila zeharkatzea» bilatzen du, eta bere ezagutzaren bidez, Punta Begoñako espazio eta istorio paregabean murgiltzea; eta, behin lekuan bertan, bisitari bakoitzaren jakin-mina eta elkarrekintza piztea, paisaia errealaz eta birtualki gogora ekarritako historiaz, baita beste leku batzuekiko lotura ere.
Turismoa adimenduna izango da, baldin eta giza esperientzia errazten eta hobetzen badu.
Planteamendu horiek eta horien garapena kontuan hartu ditu AENORen ziurtagiriak. Ziurtagiri horrek bat egiten du GJHak (turismo etiko eta jasangarriaren eredua) betetzeko erakunde eraginkor gisa jasotakoekin, bai eta Bizkaiko lehentasunezko turismo-baliabide gisa katalogatzearekin ere.

