Euskadi osoan auditoretza-prozesu zorrotza gainditu duten 21 erakunde, enpresa eta entitateetako bat da.
Ziurtagiriak bat egiten du Punta Begoña Euskadiko Turismoaren Kode Etikoan sartzearekin, baita hori aitortzearekin ere.
Asteazken honetan, apirilaren 15ean, “Be Etikoa 2026” Basquetourren urteroko hitzordua ospatu da San Mames estadioan, Bilbon. Ekitaldiak balio du aitortzeko euskal turismoaren sektoreak duen konpromisoa erantzukizunean, jasangarritasunean eta berrikuntzan oinarritutako ereduarekin.
Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak eta Daniel Solana Basquetourreko zuzendariak aurkeztu zuten Euskadiko Turismoaren Kode Etikoari dagozkion akreditazioak emateko ekitaldia; aldi berean, Turismo Adimendunaren Ziurtagiri zorrotza eta entzutetsua lortu duten helmuga eta enpresa berrien zerrendaren berri eman zuten.
Bi jarduera eredu horiek jasangarritasuna, irisgarritasuna, berrikuntza eta kudeaketa ona batera eskatzean oinarritzen dira, hobetzeko bai esperientzia turistikoa bai udalerrietako bizimodua. Digitalizazioa, erantzukizuna, tokiko garapena eta oreka ere baloratzen dituzte.
Punta Begoña Galerien eta euren hiri-ingurunearen zaharberritze irekia kultura-ondarearen proiektua da, eta, elementu turistikoaren lehentasunezko edukia izan gabe, baliabide erakargarria eta berezia sortu du, Bizkaiko Foru Aldundiak Lurralde Historikoaren egitura-baliabide gisa aitortua.
Zaharberritzeak aurrera egin ahala, monumentua eta haren kultura-paisaia irekitzen zaizkio gizarteari, aukera izan dezan bertaratzeko, parte hartzeko, bizitzeko eta prozesuaren parte izateko, zenbait bisita-mota (tematikoak, familiakoak, antzeztuak, teknikoak, paisaia-arlokoak…), erakusketak, kontzertuak, foroak, irratsaioak, eskola praktikoak, eskolakoak eta unibertsitatekoak, kultura-jaialdiak eta abar barne hartzen dituzten jardueren bidez. Jarduera horiei esker, ehun mila pertsona baino gehiago hurbildu dira eta, berriz ireki zenetik, ondare hori “bereganatu” egin dute.
Punta Begoña Fundazioa Getxoko Udaleko talde politikoek osatzen dute modu parekidean, eta abian jarri zenetik adierazle-sistemak ezartzea erabaki du, kultura-ondarearen proiektu honek egiaztatzeko nola betetzen duen Udalak bere aurrekontuen eta beste administrazio batzuen bidez egindako inbertsio publikotik eratorritako funtzio soziala, kasu honetan deialdi publikoen eta irekien bidez lortutakoak.
Proiektua, bere osotasunean, SGS International mundu mailako enpresa liderrak ikuskatu eta egiaztatu zuen, Garapen Jasangarriaren Helburuak betetzeari eta egiaztatzeari dagokienez. Ziurtagiriak egiaztatu zuen modu eraginkorrean GJH batzuk osatzen zituela hezkuntzaren, kulturaren, genero-berdintasunaren, hiri bizigarrien sorreraren eta garapen ekonomikoaren eta sozialaren arloetan, eta 2030 Agendaren esparruan kultura-proiektu aitzindari bihurtu zuen.
Hori dela eta, Euskadin Turismo Adimendunaren eta Turismoaren Kode Etikoaren onarpen bikoitza jasotzen duten proiektu bakarrenetakoa izateak adierazle eta errefortzu baliotsua dakar Fundazioaren planteamenduan, garapen orekatura, kulturalera, prestakuntzara eta sozialera bideratua.
Elisabete Basañez Punta Begoña Galerien Zaharberritze proiektuaren ardura duen zinegotziak, eta Maria Peraita Fundazioko zuzendariak, Basquetourrek emandako akreditazioa jaso zuten, Euskadiko sektore turistikoaren partaidetza zabala izan zuen ekitaldian.


