Maiatzean Punta Begoñako apaindura-elementurik esanguratsu eta ezagunetako batera gerturatuko gara: galeriak estaltzen dituzten zeramiketara. Maiatzaren 4tik 30era, galeriak ezagutarazteko xedez antolatzen ditugun bisita gidatuen barruan, zeramika horien jatorria, osaera nahiz apaindurak ezagutu ahalko dira.
Aurten formatu berria abiatuko da: hain zuzen, ibilaldi gidatuari erakusketak gehitu dizkiogu hilero, proiektuaren aurrerapausoen berri emateko. UPV / EHUren eskutik egiten ari garen ikerketak erakutsi nahi ditugu, azalpenezko elementu dinamiko eta dibulgatzaileen bitartez. Hilabetero aldatuko dira eta, horiei esker, modu bisualagoan eta erakargarriagoan ezagutarazi ahalko ditugu gure lanen emaitzak. Apirileko erakusketa galerien azpialdeko flysch motako trokari buruzkoa izan zen; maiatzean, berriz, horiek apaintzen dituzten zeramika erakargarrien inguruan gehiago jakiteko aukera izango dugu.
Nondik datoz Punta Begoñako zeramikak?
Pasten konposizio kimikoa zeramiken hatz-markaren baliokidea da: gune geologiko bakoitzean tokiko konposizio desberdinak dituzten pastak daude. Hori dela eta, konposizioari erreparatuz gero, zeramiken jatorria zein den jakin dezakegu. Punta Begoñako kasuan, 100 zati baino gehiago analizatu dira induktiboki akoplatutako plasma bidezko masa-espektrometriaren bitartez.
Punta Begoñako zeramikak nondik datozen jakite aldera, gure analisi kimikoen emaitzak ekoizpen ezagunek izandakoekin (hala nola Sevilla edo Bartzelonakoekin) erkatu ditugu, eta ikusi dugu Punta Begoñako zeramikak Sevillan ekoitzi zirela.
Nola ekoizten da zeramika? Zerk konposatzen du?
Ura eta zenbait gehigarriez gain, buztina osagai nagusia daukan materiala da zeramika. Izan ere, esan liteke zeramika historiako lehen material sintetikoa dela. Duela 10.000 urte baino gehiago ikusi zen buztinaren bidez material moldagarri bat lortzen zela, zeina berotuz gero gogortzen zen. Alabaina, produkturik antzinakoena ez ezik, historian zehar gehien erabili dena ere bada: hasiera batean landu gabe bazerabilten ere, gaur egun 3D inprimaketarako ere erabiltzen da.
X izpien espektrometriaren bidezko teknologiaren bitartez, atzeranzko ingeniaritza deritzona egin dezakegu, hau da, produktua nola egin den jakin, errezeta eta jarraibideak ezagutu barik. Gauzak horrela, erabili diren buztin-motak jakin daiteke, baita beren erreketa-tenperatura ere; izan ere, kolorearen arabera, konposatuek forma desberdina izango dute. Punta Begoñako zeramiken kasuan, zeramika-pastaren 100 lagin baino gehiago analizatu ditugu, eta ikusi dugu horiek egiteko bi buztin-mota nagusi erabili zirela. Horrez gain, mulita (azulejuen konposatua) identifikatu dugu; horrek esan nahi du 1.100 ºC-rainoko tenperaturak erabili zituztela, mineral hori ez baita eratzen kota horretara ailegatzen bada.
X izpien espektrometriak ingurumen-ukipenen ondorioak aztertzea ere ahalbidetzen du. Itsasotik gertu egoteak ere eragina dauka galeriako zeramiketan; oso agerikoa da hori zeramika-pastetan identifikatutako halita-kristaletan. Halita (NaCl) itsas aerosoletatik datorren gatza da; haizeak arrastatzen du eta azulejuzko lanen gainean pilatzen da, zeramikak aldatuz.
Motibo nazariak
Inolako zalantzarik gabe, Punta Begoñako galeriek eraikina estaltzen duen zeramikari zor diote daukaten berezitasuna. Azuleju-elementu horiek bere jabeak, Horacio Echevarrietak, erosteko ahalmen altua daukala erakusten dute, eta ez da kasualitatea garai horretako toki garrantzitsuetan horiek ere egotea, esaterako Bilboko Café Iruñan. Granadako Alhambra erreferente gisa daukan motibo nazarietan oinarritutako apaindura-estiloa da. Galeriak azuleju-elementu desberdinez osatuta dago, eta horietako asko beren hasierako posizioan mantentzen dira: goiko nahiz azpiko erremateak, eta goiko nahiz azpiko zerrenda apaingarriak edo frisoak.
Nola daude apainduta zeramikak? Nola lortu dira beren koloreak?
Galdera horiek erantzuteko xedearekin, zeramikak analizatu ditugu teknika desberdinen bitartez, hala nola X izpien fluoreszentzia erabiliz, beiraztatuen osagai nagusiak zeintzuk diren jakitea ahalbidetzen baitigu. Horrela, egiaztatu dugu beiraztatu guztien basea harea edo kuartzoa dela, zeinen konposatu nagusia silizioa den. Beruna ere daukate, urgarri gisa erabiltzen dena nagusiki (harea lehenago urtzea eragiten du), erreketa-tenperatura murrizteko eta, ondorioz, ekoizpenaren prezioa jaisteko.
Koloreei dagokienez, horietako bakoitza modu diferentean lortu da:
- Zuria: eztainua eta beruna nahasiz lortzen da. Metalen konbinazio honek ibilbidea luzea izan du zeramika-beiraztatuen historian. XIII. mendean sartu zen Iberiar penintsulan arabiarren eskutik.
- Urdina: eztainu-base bat erabili da, eta horri kobalto oxidoa gehitu zaio. Zeramika-beiraztatuak kobaltoaren bitartez koloreztatzeko teknika XIV. mendean zabaldu zen penintsulan, eta manufaktura-mota horren aitzindariak Paterna eta Manises (Valentzia) udalerrietako artisauak izan ziren.
- Berdea: kobrearen bidez lortu da. Hau da azulejoetan Erdi Arotik hasita gehien erabiltzen den kolorea.
- Beltza: kolore hau lortzeko manganesoa, kobaltoa eta ziur asko burdin oxidoarekin egindako nahaste bat erabili dira, gainerako laginek baino konposizio handiagoa baitu.
Erakusketa hau interesatzen zaizu? Eman izena hemen bisita gidatuetan parte hartzeko.