Aurtengo bisita gidatuek beste formatu bat izango dute: ibilaldi gidatuaz gain, hainbat erakusketa jarriko ditugu hilero, proiektuaren nondik norakoak azaltzeko.
Apirileko erakusketa galerien azpiko flysch motako labarrari eta labarrak eraikinarekin duen interakzioari buruzkoa da. Labarra benetan mugitzen da? Haren mugimenduek ba al dute eraginik galerien egonkortasunean? Apirileko bisita gidatuetan, besteak beste galdera horiei erantzungo zaie.
Bisitan azaltzen da eraikinen azpialdeko material geologikoak zeinen garrantzitsuak diren, oso bestelako jokabideak izan baititzakete. Materialok –arrokak, lurzoru buztintsuak edo harea– laborategian aztertzea funtsezkoa da zimendu arazorik ez izateko. Material geologikoak ez badira gai eraikinei zuzenean eusteko, zimendu asmotsuagoak erabili behar dira.
Bizkaiko Zubia eraiki zenean, esaterako, Portugalete aldeko gainazaleko arrokari esker zuzenean zimendatu zen alde horretako dorrea. Bestalde, Getxoko itsasertzeko lur hareatsuak direla eta –hortik dator Areeta izena–, paldoak jarri behar izan ziren alde horretako dorrearen azpiko zorupean. Punta Begoña Galeriak, berriz, beste erresistentzia bateko flysch erako material arrokatsuen gainean eraikita daude, eta zundaketetan hartutako lekukoen bidez (arroka zatien bidez) ari dira erresistentzia hori aztertzen.
Mugitzen al da labarra?
Punta Begoña Galerien ezaugarri bitxienetako bat da malda handiko labar baten gainean eraikita daudela zuzenean. Nahiz eta kostaldeko labarrak material arrokatsu erresistenteekin osatuta egon ohi diren, denboran aldatuz joaten dira, eta bilakaera hori kontrolatu behar izaten da. Maltako kostaldeko Leiho Urdina duela gutxi suntsitu izanak, adibidez, garbi erakusten du paisaia mota horiek behin-behinekoak izaten direla. Leiho Urdina, hain zuzen ere, arroka natural handi bat zen, ezagun bihurtua Game of Thrones telesailean agertu zelako, eta erori egin da olatuen ondorioz.
Labarren egonkortasuna kontrolatzeko erabiltzen diren tresnetako bat inklinometroa edo zundaketa inklinometrikoa da; horri esker, geologoek ezpondetako eta lur ezegonkorretako lekualdatze horizontalak neur ditzakete. Punta Begoñaren kasuan, mugimenduak kontrolatzeko programa bat ezarri behar izan zen iparraldeko galeriako trenkaden deformazioak zirela eta. Horretarako, zundaketa bertikala egin zen goiko zelaian (zulaketa). Orain arte egindako neurketek ez dute mugimendu esanguratsurik erakutsi, baina hala ere neurketak egiten jarraitzen dugu.
Inklinometroen neurketez gain, estentsometroen neurketak egin ziren, hau da, kontrol puntu baten eta lursail barruko puntu finko baten edo gehiagoren arteko mugimenduak neurtu ziren. Punta Begoñan hiru estentsometro instalatu ditugu, eraikinaren oinarria mugi daitekeen ikusteko: bata areto nagusiaren azpian, asko erabiltzen delako eta haren egonkortasuna kontrolatu nahi dugulako; beste biak hegoaldeko galerian, hormetan eta egiturazko elementuetan hausturak daudelako.
Neurketen emaitzek erakusten dutenez, mugimendu txiki batzuk daude labarrean, baina euri asko egiten duenean ura sartzearen ondoriozkoak dira argi eta garbi. Hori guztia kontuan hartuta, esan dezakegu labarra egonkorra dela oro har. Bestalde, aurkitutako hausturak tokian tokikoak dira, eta, beraz, lan puntualak eta mugatuak egin beharko dira; horrela, ondare hori eta haren ingurunea gehiago zainduko duten neurriak jarri ahalko ditugu martxan.
Zenbat urte dituzte labarra osatzen duten arrokek?
Labarrarekin lotuta, halaber, arroka geruzek zenbat urte dituzten ikertzen ari gara. Punta Begoñaren datazioa garrantzitsua da, labarreko arrokak noizkoak diren kontuan hartuta; izan ere, inguru horretan Kretazeo garaiko arrokak daude –Lurrean dinosauroak bizi zirenekoak–, baita Paleogenokoak ere –dinosauro guztiak desagertu ondorengo materialak–.
Arrokak datatzeko, mikrofosilak aztertzen dira; izan ere, fosil espezie jakin batzuen asoziazioarekin, azterturiko materiala noizkoa den jakin daiteke. Punta Begoñan Kretazeoko materialak aurkitu dira, garai hartako Globotruncanita sp. fosilekin, eta Paleogenokoak ere bai, Subbotina sp. aleekin, hots, garai hartako maskor globulosoekin.
Erakusketa hau interesatzen zaizu? Eman izena hemen bisita gidatuetan parte hartzeko.