gaurkotasuna

"Egunero esperientzia bat"
Hasiera / Elkarbanatu / Gaurkotasuna

Getxophotok Punta Begoña bere jolasleku bihurtu du

PLAY lelopean, Getxoko nazioarteko irudiaren jaialdiak galeriak aktibatuko ditu erakusketa, hitzaldi, topaketa eta Txin Txin inaugurazioarekin.

 

Aurten ere, Getxoko Irudi Jaialdirik internazionalena eta inpaktu kultural handiena duena, artea, berrikuntza, hausnarketa eta jolasan murgiltzen ditu Punta Begoña Galeriak, ekainaren 6tik 30era.

Lehenengo egunetan, Getxophotok bere jardueraren zati handi bat Punta Begoñan gauzatuko du. Bertan, Txin Txin inaugurala, Itxialdia vol.11 ospetsua, estatu osoko argazkigintzako ikasleekin egingo duen MAPS topaketa eta artisten hitzaldiak izango dira.

Jaialdia hasten denetik eta jaialdiak irauten duen ia lau asteetan zehar, galeriak,  modu librean irekiko dira jaialdiak monumentuaren bi gune esanguratsuenetan kokatuko dituen bi erakusketa nagusiak bisitatu nahi dituenarentzat: antzezpen-aretoan eta flyscheko kobazuloan.

Ordutegia:

Ostegun eta ostiraletan 17:30-20: 30

Larunbatetan 11:00-14: 30/17:30-20: 30

Igandeetan 11:00-14: 30

+ Info: hemen

 

Getxophoto Punta Begoñan
Getxophoto Punta Begoñan

Iaz ETENALDIRAKO, gelditzeko eta erritmoa lasaitzeko deia egiten bazuen, 2024ko edizio honetan Getxophotok guztiz kontrakoa egitera animatzen gaitu: pizteko botoia sakatzera. Aurten, PLAYa emango diogu.

“Jolasean bakarrik izan daiteke gizabanakoa sortzailea, eta sortzailea izanik bakarrik aurkitzen du gizabanakoak bere burua”. Donald W. Winnicott, pediatra eta psikoanalista britainiarra.

 

Irudia ardatz duen jaialdia duela 17 urte hasi zen Getxon, eta mundu osoko kontalari bisualen proposamenak biltzen dituen transmedia plataforma gisa ulertzen da, gizartearekin gaur egungo gaiei buruzko elkarrizketa bat sortzeko helburuarekin. Horrela, pentsamendu kritikoa eta erantzun dinamikoak eta malguak eman nahi dizkie gugan eragiten duten gaiei.

Baina, batez ere,  topaleku gisa eremu publikoa aukeratzearen defentsa erradikala du ezaugarri. Elkarrren errekonozimendurako eta esperimentatzeko, jolasteko eta ospatzeko eremu bezala, publikotasun hori homogeneizatu eta pribatizatu beharrean. Eta helburu horretan, Punta Begoñak, urtez urte, leku protagonista bat betetzen du. Getxon kokagune historiko da topaketarako, eztabaidarako, berrikuntzarako, kulturarako eta sorkuntzarako, galeriak aparteko solaskide bihurtzen dira, Jaialdiak irudiaren eta ingurunearen artean eragindako eztabaida ezagutarazteko.

Formatu eta erakusketa-espazio ez-konbentzionalak erabiltzearen apustu honen bidez, Getxophotok komunikazio irekia, demokratikoa eta publikoarekiko irisgarria sortzea lortzen du, bere eguneroko mundua artez betetzen ikusten duelarik.

 

Galerien kasuan, elkarrizketa hori haratago doa, bere mendeetako historia eta leihate zabalen, marmolen, zeramika seviliarren, zutabe handien edo labar-flyschoidearen arteko erakusketen diseinua, egun hauetan bisitagarria.

Baina, gainera, monumentua lehengoratzen ari den prozesu irekiak – dagoeneko bisitatu duten milaka pertsonei une bakoitzean esperientzia paregabea eskaintzen die, birgaitze-lan konplexuak ikusarazteko – bat egiten du jaialdiaren jarduera artistikoarekin: erakusketak ez dira bakarrik estali gabeko eta berreskuratu berri diren espazioetan sartzen, baizik eta irudi bakoitzak kontatzen dituen istorioek galerien iraganaz eta orainaz hitz egiten dute. Maria PTQK Bilboko Zinemaldiko komisarioaren hautaketa zaindua proposatzen da horretarako, Punta Begoña Getxoko topaleku historiko-kultural bihurtu baita dagoeneko.

 

[ERAKUSKETAK]

Alejandra Carles-Tolra [Where we belong]

Antzezpen aretoa

Roger Caillois soziologoaren arabera, jolasaren modalitateetako bat imitazioa da. Eta, izan ere, hizkuntza batzuetan play hitza pertsonaia bat interpretatzeko edo eszenaratzeko arteaz ari da. Where We Belong proiektua jolasaren esparru horretan barneratzen da Jane Austen idazle britainiarraren jarraitzaileen fenomenoaren bitartez (Janeiteak deiturikoak). Erregeordetzaren garaian bezala orraztuta eta jantzita, Austenen unibertso literarioa birsortzen dute topaketa eta jaialdietan, eta dantzatu, paseatu, brodatu eta eleberrietako pasarteak ozen irakurtzen dituzte.

Soziologia bisualaz eta genero-rolen performatibitateaz interesaturik, Alejandra Carles-Tolra emakume-talde hauengana hurbiltzen da. Talde horiek, XIX. mendeko feminitate-idealaren atzean, elkarri laguntzeko komunitateak ezkutatzen dituzte, bere idazketatik bizi izan zen eta inoiz ezkondu ez zen egileak –garai hartako emakumeentzat pentsaezina zena– inspiratuta. Klub horietako batekin elkarlanean egindako irudiek ikonografia erlijiosoa edo Rafaelita-aurreko pintura gogorarazten dute, baina begirada garaikide batetik, non emakume-identitatea, hemeretzigarren mendekoa zein gaur egungoa, eszenaratze zorrotz baten emaitza gisa erretratatzen den.

***

1988an Bartzelonan jaioa eta Londresen bizi da. Artista bisuala ez ezik, hizlaria eta bideratzailea ere bada Alejandra. Soziologian lizentziatu zen Bartzelonako Unibertsitatean, eta Arte Ederretan graduatu zen, Massachussets College of Art and Design delakoan argazkigintzan masterra eginik. Bere lana nazioartean erakutsia eta argitaratua izan da, esaterako, National Portrait Gallery (Erresuma Batua), Photo Miyota (Japonia), FotoFever (Paris), Somerset House (Erresuma Batua), Finnish Museum of Photography (Finlandia), Wuhan Art Museum (Txina) edo PhotoEspañan. Jerwood / Photoworks sarietan edo The Guardian egunkari britainiarrean ere saritua izan da. Bilduma pribatu eta publikoetan dago bere lana, hala nola, Ingalaterrako Arts Council Collection eta Kataluniako Pla Nacional de Fotografía-n. Hezitzaile gisa baliabideak diseinatzen ditu, ikastaroak ematen ditu eta sormen-tailerrak eskaintzen ditu hainbat erakunderentzat: Autograph Gallery, University College of London, The Photographer’s Gallery, Alexandra Palace, Portsmouth University, Photoworks, MIND Charity, Create eta Northeastern University.

 

Piet Baumgartner [Through my street]

Flysch haitzuloa

Karaokea bazkariaren etenaldian. Ustekabeko bi interpreteren koreografia. Ezohiko maitasun istorioa makina-erreminaren munduan. Through My Street lanarekin, Piet Baumgartner errealizadore suitzarrak balada erromantikoa berrasmatzen du, umorez eta poesiaz, ekialdeko honako filosofia hau aipatuz: munduaren ordena ez du eusten ez erlijioak ez politikak, baizik eta musek, dantzaren eta musikaren jainkosek.

Obra, 2025ean film luze batekin amaituko den proiektu handiago baten lehen zatia dena, Rio Wolta konpositorearekin elkarlanean egin da. Baumgartnerrek 15 urtetik gora daramatza Woltarekin lankidetzan proiektu artistikoetan eta filmetan. “Through My Street lehen aldiz entzutean ez nuen zalantzarik izan nortzuk izan behar zuten protagonistak. Izan ere, makinak eguneroko zereginetatik askatzen direnean, emozioa adierazteko gai diren entitate sentikor bihurtzen dira”.

***

1984an Rapperswil-en (Suitza) jaioa, Piet Baumgartner Zurichen bizi eta lan egiten du, F+F Arte eta Diseinu Eskolan klaseak ematen. Ikus-entzunezko artista eta zuzendari transdisziplinarra da, zinema, antzerkia eta arte ederra alorrak landuz. Kazetari lanetan hasi zen Zinema Zuzendaritzan masterra egin aurretik, ZHdK-n, Zuricheko Arteen Unibertsitatean eta, ondoren, Drehbuchwerkstatt-en, Municheko Zinema eta Telebista Unibertsitatean lizentziatu zen. Varsovian Andrej Wajdarekin bere prestakuntza amaitu ostean, Frank Castorf eta René Pollesch-en laguntzaile izan zen Zuricheko Schauspielhaus-en. Bai artista independiente, bai Rio Wolta artistarekin elkarlanean –harentzat bideoklip anitz sortu ditu– hainbat ikuskizun edo antzezlan zuzendu ditu, hala nola, Showroom, 2018an Theaterhaus Gessnerallee-n aurkeztuta edo Trottinett Ballet, 2021ean Theatre Neumarkt-en erakutsi izan zena. 2023ko udazkenean, bere lehen film dokumentala, The Driven Ones, mundu mailako estreinaldia izan zuen Zuricheko 19. Zinemaldian, Focus Competition atalean. Nazioarteko hainbat sari irabazi ditu, besteak beste, Swiss FIlm Awards (2024), Swiss Culture Award (2023), European Media Award Civis, Epaimahaiaren Saria (2016), Austin Music Video Festival (2016), La Guarimba Film Festival, Publikoaren Saria (2016), International Music Video Festival Paris, Epaimahaiaren Sari Berezia (2015).

Ezagutu sarrera honekin lotutako gai gehiago
Horacio Echevarrietak Punta Begoñan ematen du ongietorria
Bisita antzeztuek pertsonaia errepikaezin baten abenturak, azpijokoak, negozioak eta ondarea birsortuko dituzte. “Horacio Echevarrieta Pittsburghen jaio izan balitz, seguru asko...
Ondarearen bidezko hezkuntzako "Explorers" programa abian jarri da lehen, bigarren eta batxilergoko zikloetarako
Galeriak berriro ireki zirenetik, 10.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute Punta Begoñako prestakuntza-jardueretan, hezkuntza-maila guztiei eta arautu gabeko hezkuntzari...
Pribatutasun laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile-esperientzia onena eskaintzeko. Cookieen informazioa zure nabigatzailean gordetzen da eta gure webgunera itzultzen zarenean antzematea edo gure taldeari interesgarri eta erabilgarrien iruditzen zaizun webguneko atalak ulertzen laguntzea bezalako funtzioak betetzen ditu.